Hakima, Hakima

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 09:53

a: Indra Murugarren

Aldakak mugitzen parekorik ez duen abeslari kolonbiar baten abesti batean bere izena esaten zuten batera. Baina gu etxeko dantzariarekin geldituko gara oraingo honetan. Hakima Vélezek odolean darama erritmoa, eta aho bete hortz uzten ditu bera dantzatzen ikusten duten guztiak. Hakima Lezamakoa da eta 14 urte baino ez ditu. Hala ere, taula betetzen du bere mugimendu zorabiagarriekin. Dantzatzen orain dela urte bi hasi zen, “gustatzen zaidalako eta dantza egiten dudanean libre sentitzen naizelako”. Joan den urtean funky klaseak hartu zituen, baina aurten akademiara joateari utzi egin dio. “Autodidakta naiz eta nire kabuz ikasi nahiago dut: telebistan agertzen diren dantzariak ikusten, ispilu aurrean entseatzen... Fama saioa ikusten dut normalean”. Ez da erreza izan behar, batez ere dantzetan hainbat estilo uztartzen dituela kontuan hartzen badugu. “Funky, hip-hop, reggaeton... Balleta izan ezik beste dantza mota guztiak gustatzen zaizkit. Eta dantzatzeko, erritmo handiko abestiak nahiago ditut: Black Eyed Peas taldearenak, Rihanna abeslariarenak...”. Lagunekin edo bakarka; berdin dio Hakimari nola dantzatzeak. Mireslerik amorratuenak etxean eta lagunen artean ditu. “Oso ondo egiten dudala esaten didate eta dantza zaletasuntzat izatera animatzen naute. Baina nik uste dut oso maila baxua dudala”. Gure ustez, oso neska apala dela esan diogu guk. Txorierritik Famara Hakima izenak “jakintsua” esan nahi du, eta erro arabiarrek nolabaiteko eragina izango dute gazteak dantzatzeko duen erraztasunean, beharbada. “Sabeleko dantzarekin ere saiatu naiz, oso dibertigarria da”. Eskolak, hipikak eta bestelako ekintzek astia uzten baliote, dantza akademia batera joatea gustatuko litzaiokeela esan digu, eta inoiz dantzari profesionala izatea. “Baina dantzarena bigarren mailakoa da niretzat. Nik zaldizkoa izan nahi dut eta hipika eskolara noa horretarako. Aurreko egunean zalditik erori nintzen eta ospitalera eraman ninduen. Zaldiak salto eman zuen eta ustekabean harrapatu ninduen... Zorionez, sustoa mina baino handiagoa izan zen”. Dena dela, ziurtatu digu dantzari moduan aukera ailegatuko balitzaio, ez lukeela galduko. Izarren Distira galan bere gaitasunengatik nabarmendu egin zen eta merezitako bigarren postua lortu zuen. Gala bigarren aldiz antolatzen bada, bertan emango du izena berriro. Eta 18 urte betetzen dituenean, Fama saioan edo hura bezalako beste saioren batean saiatzea baliteke. Adi egongo gara, Hakima etorkizun haundiko dantzari gaztea delako. Zuhur ibili, Shakira!