Lezamako ordezkariek laguntza eraman dute Saharara

Aikor aldizkaria 2007ko api. 19a, 14:00

Alaitz Etxeandia eta Joseba Intxaurtza Lezamako zinegotziek Tindufeko errefuxiatu sahararren kanpamenduetara bidaia egin dute Aste Santuan. Udal ordezkariek Emheiriz herria bisitatu zuten, izan ere, Lezama herri horrekin senidetuta dago 2004tik. Herri sahararrak pairatzen duen egoera politikaren ondorioz, asko dira dituzten beharrizanak eta arazoak, eta horien artean, umeen, nagusien eta senarrik ez duten emakumeen egoera latza aipa daiteke. Beharrizan horiek betetzen laguntzeko, Lezamako Udalak 3.000 € agindu zuen Emheiriz herrira 2005ean. Diru hori haurtzaindegia eraikitzeko erabili zen. Haurtzaindegian 0 urtetik 3 urtera bitarteko umeak hartzen dira, eta bertan zortzi gela, jantokia eta txoko bat atondu dira. Haurtzaindegia hornitzeko materiala ere eraman zuen Udalak. Beste alde batetik, ur-arazoa ere jasaten dute. Horrela, lagun askok kilometroak eta kilometroak egin behar dituzte ur bila. Lezamako Udalak Ur Proiektuan parte hartu, eta 3.000 € jarri zuen kanpadendetatik hurbil ur biltegiak jartzeko. Etxeandiak eta Intxaurtzak beste 4.000 € eraman dute aurten proiektu horrekin jarraitzeko, eta dagoneko 50 bat dira ura etxe ondoan duten familiak. Zinegotziek medizinak ere eroan dituzte. Intzaurzak azaldu digun moduan, Udalak Ur Proiektuarekin jarraitzeko asmoa du etorkizunean, eta, horrezaz gainera, era ezberdinetako materiala aginduko du bertara: bulego-materiala, jolasak eta koadernoak, besteak beste. “Lan polita egiten ari gara. Saharan area eta harriak baino ez daude; gu duintasuna ematen saiatzen gara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).