Domekan Uzta Egunaren VII. edizioa egingo dute Lezaman. Azokan 40 salmenta postu jarriko dira: bederatzi postu Txorierriko txakolingileentzat; 17, gainontzeko ekoizleentzat; sei txosna; taloak egiteko tailer bi; eta sei postu herriko elkarteentzat. Taldeen artean, Behar Bidasoa, Urrusti Mikologia elkartea, Laiak emakumeen elkartea eta Zorrizketan euskara elkartea egongo dira. Umeentzako puzgarriak eta tailerrak ere ipiniko dituzte azoka gunean, horiek ere Uzta Egunaz goza dezaten. Era berean, Bizkaiko Txakolina jatorrizko deitura duten 10 ekoizleen erakusketa izango da, eta bisitariek euren txakolina dastatzeko aukera edukiko dute.
Uzta Eguna Nekalur enpresak antolatzen du Udalarekin batera, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: Txorierriko txakolina dastatzea eta nekazaritzako produktuak bultzatzea. Azokari goizeko 10etan emango zaio hasiera eta arratsaldeko 3ak inguruan amaituko da.
3.000 lagunetik gora
Beste alde batetik, gastronomia zein eskulangintza postuetan produktu hauek jarriko dira salgai: gazta, txokolatea, emú-okela, kontserbak, ogia, euskal pastela, eztia eta barazkiak. Txosnetan talo txorizoarekin, ogitartekoak eta pintxoak salduko dituzte.
Iaz 500 litro txakolin banandu ziren; 1.500 kopa, eta domekan zifra hori gainditzea espero dute antolatzaileek. Bisitari kopurua ere handiagoa izango dela uste dute: aurreko edizioan 2.500 lagun batu ziren Lezaman; eta aurten 3.000 inguru espero dute.
Azokan aurtengo uztaren lehenengo muztioa edateko aukera egongo da, eta Alaitz Etxeandiak Lezamako alkateak brindisa egingo du. Xabier Amurizak eta Miren Arabak bertso-saioa eskainiko dute.
Egitaraua
10:00: Azokaren hasiera
11:00: Trikitixa
11:40: Bertsolariak
12:00: Lehen muztioaren dastatzea
12:15: Haurrentzako jokoak
12:15: Talo tailerra
15:00: Azokaren bukaera