Hilario Astorki plaza birmoldatuko da Lezaman

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 12a, 16:15

Lezamako Udalak Hilario Astorki plaza birmoldatzeko asmoa du eta proiektuaren lehenengo fasea Tokiko Inbertsioen Estatuko Fondoan aurkeztu du. Fase horretako aurrekontua 426.719 eurokoa da eta Estatuko Fondoak osorik ordainduko du. Besteak beste, espazioa egokitu, lurrak mugitu eta zolatze lanak egingo dira lehenengo fasean. Beharrek lau hilabete iraungo dute, eta bost lanpostu egongo dira herriko langabetuei zuzenduta. Bigarren fasea, ordez, diru-laguntza barik egingo dute. Fase horretan hainbat behar egingo dira: argiztapena eta lorezaintza, esaterako. Beharretan 572. 829 euro inbertituko dituzte. Plaza modernoa eraikiko da, herritarren guztien erabilerarako eta gozamenerako gunea izango dena. Trabak arkitektonikoak kenduko dira, eta plazaren berezko elementuak mantenduko dituzte: landareak eta iturria, kasu. Plaza udaletxearen atzealdearekin lotuko dute eta horretarako, oinezkoentzako sarbidea sortuko da BBK eta udaletxearen arteko kalean. Era berean, udaletxearen atzealdea norabide bakarrekoa izango da eta haren zati bat oinezkoentzat egokituko da. Hala ere, horrek ez du eraginik edukiko garajeetarako sarbideetan. Pasabide alternatiboak ere aurreikusi dituzte inguruan, eta udaletxera irisgarritasun araura egokitutako arrapala batetik sartu ahal izango da. Beste alde batetik, umeentzako aisialdi-gunea egingo da eta gune estaliak jarriko dira, eguzkitik zein euritik babesteko. Autobus-geltokia plazaren barruan integratuko da eta hori elbarrituentzako egokituko dute. Argiztapenari dagokionez, foku handiak jarriko dira erdialdean eta zirkulazio-guneak zein pasealekuak-eta ere argiztatuko dira.