Txangoak antolatu ditu Lezamako Udalak Aste Santurako

Aikor aldizkaria 2009ko api. 2a, 13:20

Lezamako Udalak herriko gazteentzako irteerak antolatu ditu Aste Santurako; apirilaren 16 eta 17an, hain zuzen ere. Egun horietan oporretan dabiltza Lezamako neska-mutilak, eta Udalak lagunekin kanpoan ondo pasatzeko aukera luzatuko die. Bi talde osatuko dira, adinaren arabera: batean 4tik 9 urtera bitartekoak; bestean, 10etik 13 urtera artekoak. Izena emateko epea apirilaren 8an amaituko da. Txikienek ludotekara joan behar izango dute; nagusiek, ordea, Gaztegunean eman beharko dute izena. Guztiek 10 euro ordaindu beharra dute txangoetara joan nahi izanez gero. Lehenengo txangoa apirilaren 16an egingo da. Athletic Klubaren Museora eta San Mames futbol-zelaira joango dira talde biak. Hurrengo egunean, aldiz, nagusiek Pozalaguako kobazuloak eta Sopuerta Abentura ezagutuko dituzte; eta txikienek Getxoko Aquariuma bisitatuko dute. Bisitaldiak autobusez egingo dira, eta horiek eskolatik irtengo dira.