Berdintasunerako Plana jarri dute martxan Lezaman

Aikor aldizkaria 2009ko uzt. 3a, 10:31

Emakumeek diskriminazioa jasaten jarraitzen dute hainbat arlotan, gaur egun. Lezamako Udalak herria gero eta parekideagoa izatea du helburu eta horretarako, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako I. Plana jarri du abian. Plana 2010-2012 urteetan jorratuko dute. Ekainean bilera egin zuten Uribarri Topalekuan, egitasmoaren berri lezamarrei emateko. Bileran Alaitz Etxeandia alkateak, korporazioko kideek eta Aitziber Goitia Behargintza Txorierriko Berdintasun Teknikariak hartu zuten parte. Herritarrek uztailaren 3ra arte izan dute epea, egitasmoari euren ekarpenak egiteko. Lezamako Berdintasunerako I. Planak hauek izango ditu ardaztzat: emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea, gizonezkoen erantzunkidetasuna etxean eta familian sustatzea, emakumezkoek gizartean parte hartzea bideratzea eta genero-ikuspegia aintzat hartzen duen udal kudeaketa egitea, besteak beste. Era berean, plana arlo ezberdinetan ezarriko da: toki-administrazioa, kultura eta kirola, hezkuntza, lana eta ekonomia-sustapena, osasuna, hirigintza, garraioak eta ingurugiroa. Berdintasunerako Plana martxan jarri dute dagoeneko udaleko sailetan.