Lezamako plazaren lanak urte amaierako amaituta egotea espero dute

Aikor aldizkaria 2009ko ira. 29a, 14:08

Argazkia: Jon Rozadilla

Hilario Astorki plaza berritzeko bigarren faseari ekin diote Lezaman. Udalak 572.829 euro jarri ditu fase horretarako eta, besteak beste, lan hauek egingo dituzte: gainazaleko zolaketa, argiztapena, lorezaintza eta hiri tresneria. Beharrak urte amaiera baino lehenagorako amaituta egotea espero dute. Plaza modernoa eraikiko da, lezamatar guztiek disfrutatu ahalko dutena. Horrela, traba arkitektonikoak kenduko dira eta udaletxera sartzeko, irisgarritasun arauetara egokitutako arrapala bat ipiniko da. Proiektuak plaza eta udaletxearen atzealdea lotzen ditu, eta hasieran oinezkoentzako sarbidea sortzeko asmoa zegoen BBK eta udaletxearen arteko kalean. Sarbidea autobus geltokiraino luzatuko da. Udaletxearen atzealdea norabide bakarrekoa izango da eta haren zati bat oinezkoentzat egokituko dute. Inguruan pasabide alternatiboak aurreikusi dira. Era berean, umeentzako aisialdi-gunea egingo da eta gune estaliak jarriko dira, eguzkitik zein euritik babesteko. Autobus-geltokia plazaren barruan integratuko da eta hori elbarrituentzat egokituko da. Argiztapenari dagokionez, foku handiak jarriko dira erdialdean eta zirkulazio-guneak zein pasealekuak-eta ere argiztatuko dira. Plazaren berezko elementuak mantenduko dira: landareak eta iturria, esate baterako. Hala ere, plazaren ezkerraldean dauden bananondoak kenduko dituzte, informe teknikoek hala aholkatuta. Izan ere, lanen ondorioz ez da bermatzen horiek bizirik irautea.