Domekan Lezamako Nekazaritza Azoka egingo dute lehenengo aldiz, goizeko 11etatik arratsaldeko 3etara bitartean. Hara hurbiltzen direnek aukera izango dute nekazaritzako produkturik onenak dastatu eta giro ezin hobeaz gozatzeko.
Herrigunean 40 saltoki jarriko dira eta, besteak beste, produktu hauek egongo dira salgai: txakolina, sagardoa, frutak, gazta, txokolatea, emú-okela, kontserbak, ogia, euskal pastela, ogia eta barazkiak. Postu batzuetan talo txorizoarekin, bokatak eta pintxoak salduko dira, eta nekazaritza ekologikoaren produktuak ere izango dira. Era berean, piperren dastatzea egingo dute. Hori nobedadea izango da, herrian egin diren beste azoketan halakorik ez baita egon. Beste alde batetik, herriko hainbat elkartek eta Ibilaldiak postua edukiko dute azokan, euren jarduera bisitariei ezagutzera emateko.
Animaliek ere lekua izango dute Nekazaritza Azokan: poniak, antzarak, astoak, ardiak eta bildotsak, batzuk aipatzearren. Umeei zuzendutako hainbat tailer antolatuko dute.
Azokak helburu bikoitza du: alde batetik, nekazaritzako produktuak herritarrei hurbiltzea; eta bestetik, horien salmenta sustatzea.