Lezama Bizirik Elkarteen Erregistroan inskribatzeko eskaerari erantzutea aholkatu dio Arartekoak Udalari

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:08

Lezama Bizirik elkartea Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistro Ofizialean dago erregistratuta. Hala ere, Arartekoari jakinarazi dioten bezala, orain urte batzuk egin zuten Lezamako Udal Elkarteen Erregistroan izena emateko eskaera, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Egoerak kalte handiak dakarzkio elkarteari, azaldu dutenaren arabera, ezin direlako herriko beste taldeek dituzten abantailez baliatu: besteak beste, udal lokalak erabiltzea, udal webgunean agertzea edo dirulaguntzak jasotzea. Arartekoak Udalari eskatu dio argitu dezala zer arrazoi dagoen Lezama Bizirik elkartea udal erregistroan ez inskribatzeko, baina, txosten batean adierazitakoaren arabera, ez du azalpen zehatzik jaso. Udalak, berriz, jakinarazi dio dirulaguntzak kultura eta kirol arloko jarduerak egiteko ematen dituela, eta udal webgunean kulturari eta kirolari lotutako elkarteak baino ez direla agertzen, “eta ez gastronomia edo politika arloetakoak edo auzokideenak”. Elkarteei buruzko udal araudia aztertu ostean, araudi horrek “Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatutako elkarte guztiak hartzen ditu barne, eta kulturari edo kirolari lotutako helburuak dituztenen parean jartzen ditu” ondorioztatu du Arartekoak. “Ez dago arrazoirik elkarte hau udal erregistroan ez sartzeko”. Elkarteak Udal Elkarteen Erregistroan sartzeko egin dion eskaerari buruz ebazpena ematea eta ebazpen hura adieraztea gomendatu dio Arartekoak Udalari. “Eta, hala badagokio, udal baliabideak erabiltzeko sarbidea erraztu diezaiola, baliabideok beste elkarteek erabiltzen dituzten baldintza berdinetan erabili ahal izateko”. Elkartearen eguna Beste alde batetik, martxoaren 13an, zapatuan, Lezama Bizirik Eguna egingo da, elkarteak antolatuta. Goizean herriko lau ibilbide seinaleztatuko dute zutoinez, eta eguerdian herri-bazkaria egingo dute Goitioltzako Txokoan. Ostean, elkartearen urteko batzarra izango da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).