Lapikok eraikuntza materialak doan emango dizkie langabetuei

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:10

Krisi garaian adimena zorroztu behar da. Adimena zorroztu, aurrera egiteko; eta, zergatik ez, behar dutenei era batean edo bestean laguntza emateko. Lapiko Lezamako enpresak 30 urte bete ditu aurten eta urteurrenaren haritik, aukeren azoka antolatu du otsailetik martxora bitartean. Azokan stockeko gauzak jarri dituzte salgai, hiru eurotan metro koadroko: azulejoak, leiho-isurkiak, beirazko blokeak, portzelana eta zerrenda apaingarriak, batzuk aipatzearren. “Orotara 159 artikulu jarri ditugu salgai, eta ekimenak ikusmina sortu du. Material guztiak kalitate handikoak dira”. Azoka egunero dago irekita. Saltzen ez den materiala langabetuei emango diete doan, apirilean. “Etxean konponketa txikiak egiteko erabil dezakete materiala: balkoiko edo komuneko zorua konpontzeko, esate baterako”. Beste alde batetik, urte osoan zehar hainbat ekimen antolatuko dituzte. Horrela, hiru dimentsioko erakustaldia egingo dute eta opariak zozketatuko dituzte bezeroen artean. Era berean, Txorierriko azoketan parte hartzeko asmoa ere badute, euren produktuak bertokoei ezagutzera emateko.