Aparkalekuak eta kirol-gunea atonduko dira Kurtzen

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 4a, 13:29

Lezamako Udalak jakinarazi duen bezala, laster lanak hasiko dira Kurtze auzoan. Bertan aparkaleku berriak eta kirol-gunea egingo dira. Lanok uda ostean amaituta egotea espero dute. Orotara 46 aparkaleku atonduko dira eta horietako bi mugikortasun murriztua duten pertsonei egongo dira zuzenduta. “Horrela, inguru honetan aparkatzeko dagoen arazoa arindu egingo da, izan ere, gaur egun, ibilgailuak oinezkoentzako zenbait ingurutan egoten dira sarritan”, esan dute Udaletik. Aparkalekuak kirol-gune berriaren ondoan egingo dira. Hori erabilera askotako zelaia izango da eta han areto-futbolean zein eskubaloian aritzeko aukera egongo da. Zelaia 40 metro luze eta 20 metro zabal izango da. Beste alde batetik, espaloiak egingo dira zelaira heltzeko, eta argiak jarriko dira. Ibai-urak hutseko kanalak gaur egun dauden bezala utziko dira, eta aparkalekuen eremuan PVCzko kolektorea ipiniko da, euri-urak biltzeko. Lanetan 125.000 euroko inbertsioa egingo da. Udalaren esanetan, Kurtze auzoko herritarren bizi-kalitatea lanoi esker hobetu egingo da.