Burdinazko gerrikoan Lezamak izan zuen garrantzia emango dute ezagutzera

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 7a, 12:44

Hirurogeita hamahiru urte bete dira Frankoren soldaduek Burdinazko gerrikoa apurtu eta Bilbora sartu zirela. Lezama herriak bataila horretan eta Burdinazko gerrikoan izan zuen inportantzia oso ezaguna ez da, beharbada. Lezama Bizirik elkartetik azaldu duten moduan, azpiegitura horren zati garrantzitsu bat herria inguratzen duten mendietan kokatu zen. Horrezaz gainera, Frankoren soldaduek Lezamako muga, Urrusti eta Gaztelumendiren artean dagoena, aukeratu zuten gerrikoa apurtzeko. Inguruan lubaki, bunker eta aterpen hondarrak ikusgai daude oraindik. Urteurrenaren haritik, Lezama Bizirik elkarteak ibilaldia antolatu du ekainaren 13rako. Ibilaldia Gaztelumenditik Urrustimendira egingo dute, eta bidetik azalpenak emango dituzte paraje horretan gertatu zenari buruz. Lezamako plazatik 9:30ean aterako dira. Bertan autoak egongo dira jendea Gaztelumendiraino eramateko; eta ibilaldia bukatu ostean, etxera ekartzeko. Urrustimendin txorizoa eta txakolina eskainiko dizkiete ekimenean parte hartzen dutenei.