Lezamako Udalak berritze lanei ekin die Garaioltza auzoan. Besteak beste, hango espaloia zabalago egingo da, eta argiaren sarea berrituko da. Horren haritik sei argi-puntu berri jarriko dira kalean, gune ilunik ez egoteko. Kalea estetikoki ere hobetuko dute, eta kutxatilak egokituko dituzte.
Beharrek oztopo arkitektonikoak kendu eta espaloia irisgarriago egitea dute helburu. Horretarako, oinezkoentzako zebra-bideak eta mugikortasun seguruaren alde egiten duten bestelako elementuak jarriko dira. Lanek jarraipena emango diote Hilario Astorki plaza birmoldatzeko proiektuari, eta hiru hilabeteren buruan amaituta egotea espero da.
Lanetan 98.000 euro inbertituko dira: Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Harreman eta Herri Administrazioaren Sailak aurrekontuaren %60 jarriko du; eta gainontzekoa, Lezamako Udalak.