Aitor Hernández, txapelduna Lezaman

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 21a, 13:15

Bizkaiko ziklokross txapelketa Lezaman egin da aurten, abenduaren 19an, eta Aitor Hernández Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak eraman du txapela. Bigarren postuan Erlantz Uriartek (Garaje Paco) amaitu du, eta hirugarrenean, Iñaki Legarretak. Beste kategoriei dagokienez, Jon Ander Insausti gipuzkoarrak irabazi du lasterketa sub 23 mailan, baina Bizkaiko Txapelketa Íñigo Gómezek (Asper) bereganatu du, helmugara bigarren ailegatu arren. Gazte mailan Jonathan Lastra nagusitu da, eta kadete mailan, Eneko Corrales. Neskeei dagokienez, Olatz Odriozola (elite kategorian), Eider Merino (gazte kategorian) eta Karina Aguilera (kadeteetan) izan dira garaileak. Zorribike Lezamako taldeak antolatu du txapelketa. Horretarako, 2.700 kilometroko ibilbidea prestatu du herrian. “Oso pozik gaude. Lan ikaragarria izan da txapelketa antolatzea, eta batez ere babesleak topatzea, baina azkenean lortu egin dugu eta dena atera da ondo. Bizkaiko zein Euskadiko Federazioek zorionak eman dizkigute eta guzti”, esan dute Zorribike-eko taldekideek. Oraindik oso goiz da, baina datorren urteari begira, gerta daiteke lezamarrek herrian Euskadiko txapelketa ere antolatzea.