Zamarripa eta Zarateren liburuak emango dira berriro argitara

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 4a, 11:49

Mendebalde Kultur Elkarteak Txorierriko hizkuntzalari biren lanak kaleratuko ditu maiatzaren amaieran: Pablo Zamarripa sondikoztarraren Manual del vascófilo (1913), eta Mikel Zarate lezamarraren Influencias del vascuence en la lengua castellana a través de un estudio del elemento vasco en el habla coloquial del Chorierri-Gran Bilbao (1976). Liburu biak agortuta zeuden, eta elkarteak Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin egindako hitzarmenari esker emango ditu berriro argitara. Azaldu duten bezala, lanak oso interesgarriak dira, euskarak joan den mendean bizi zuen egoera ezagutzeko. Euren garaian, garrantzi handiko lanak izan ziren, eta belaunaldi berrien eskura jarriko dira orain. Zamarripak ortografia, onomatopeiak eta bere garaiko atsotitzak eta esamoldeak landu zituen, era ulergarrian. Zaratek euskararen eta gaztelaniaren elkarrenganako eragina aztertu zuen aipatutako liburuan. Bestalde, Mendebalde elkarteak “Berbak hariz josten” jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 6rako eta 7rako. Jardunaldietan, hizkuntzalariek, idazleek eta adituek gogoetak egingo dituzte euskararen inguruan, eta, besteak beste, ikuspuntu hauek hartuko dituzte kontuan: hizkuntzaren garaikidetasuna, itzulpena eta interakzioa, gaztelaniarekin duen harremana, eta hizkuntzaren adierazkortasuna. Jardunaldietan hauek hartuko dute parte: Xabier Amuriza, Karlos Cid Abasolo, Jacinto Iturbe, Patziku Perurena, Pello Esnal, Igone Zabala, Inazio Arregi, Juanjo Pagola eta Joseba Butron. Argibideetarako: 94 402 80 84 / 639873082 telefono zenbakiak, eta mendebaldekultur@gmail.com helbide elektronika.