Txakolinaren jaia

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 23a, 15:29

Argazkia: Lezamako Udala

Ekainaren 5ean Txakolinaren Eguna izango da Lezaman, goizeko 11etatik aurrera. Orotara 40 saltoki ipiniko dira Hilario Astorki plazan eta inguruetan. Azokan Txorierriko zortzi txakolin-egileek hartuko dute parte eta haien saltokietan Bizkaiko Txakolinaren iazko ekoizpena dastatu ahalko da; oso prezio onean, gainera. Izan ere, lau euroren truke txakolina edateko lau txartel eskuratuko dira. Azokaren kristalezko kopa ere jasoko da. Txakolinaz gainera, beste produktu tipiko batzuk ere jarriko dira salgai: euskal pastela, gazta, barazkiak eta ogia, batzuk aipatzearren. Era berean, txosna bi jarriko dira eta, besteak beste, taloa eta ogitartekoak egingo dira han. Bestalde, Eusko Labeleko “Luma Gorri” oilasko errea egongo da eta pintxoak euro batean salduko dituzte. Umeei zuzendutako ekintzak ere antolatuko dira. Lezamako Txakolinaren Egunak helburu hauek ditu: herriko eta Txorierriko txakolina dastatzea, lurreko produktuak eta nekazaritza munduari lotuta daudenak erakustea eta haien salmenta sustatzea.