Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak Mikel Zarate Haur-literaturako Saria antolatu dute hirugarren aldiz. Hark haurrentzako irakurgai berriak sortzea eta idazleen lana bultzatzea ditu helburu nagusitzat. Lehiaketara Lehen Hezkuntzako ikasleentzat euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 orrialde eduki beharko dituzte, eta Udalera agindu beharko dira apirilaren 30a baino lehen (Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria, Aretxalde 1, 48196 Lezama). Gutun-azal handi batean idazlanaren hiru ale sartuko dira, baita gutun-azal txiki bat ere. Haren azalean idazlanaren izenburua adieraziko da; eta barruan, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia.
Epaimahaia Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatuko dute, eta erabakia beranduenez maiatzaren 31n emango dute ezagutzera. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu saritzat. Horrezaz gainera, Elkar etxeak argitara emango du lana.
Bestetik, aipatu beharra dago Sariaren aurreko edizioa Julen Gabiriak irabazi zuela. Mendozak Nire aita ikusezina nobela idatzi zuen.