Lezama, ahosabaia prest XI. Txakolin Egunerako

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 8a, 15:09

Ekainaren 10ean (igandea), Lezamako Txakolin Egunaren edizio berria izango da. Udaletxeko plazan eta inguruetan antolatuko da, goizeko 11:00k eta 15:00ak bitartean. Beste urte batez, eta bestela ezin zitekeenez izan, txakolina izango da Lezamako Udalak antolatutako ospakizun honen protagonista nagusia. Azoka hamaikagarren aldiz egingo da, eta aurten Lezamako Txakolin Egunak 42 salmenta gune izango ditu. Horien artean, zazpi bertoko txakolindegienak dira, eta, horietan, 2011ko Bizkaiko Txakolinaren uzta dastatu ahal izango da, oso prezio onean: 5 euroren truke 4 txartel eskuratu ahal izango dira (txartel bakoitzak baso bat txakolin erosteko balio du), bai eta azokaren kristalezko kopa polit bat ere, Lezamako Udalaren logotipoaz jantzita. Txakolindegi bakoitzak bere salmenta gune propioa izango du Hilario Astorki plazan (Udaletxeko plaza) kokatuko den esparruan. Halaber, salmenta gune gehiago egongo dira plazaren inguruan eta udaletxearen atzeko aldean. Beste 35 saltokietan jarriko dira gainerako txakolingileak, produktu tipikoetako txosnak (taloa, ogitartekoak, etab.), tailerrak, eta herriko elkarte batzuen stand-ak, bere jarduera erakusteko aprobetxatuko dutenak. Saltokietan, txakolinaz gainera, gastronomia produktu tipiko asko dastatu ahal izango dira: ogi tradizionala, euskal pastela, eztia, fruta, foie, gazta, barazkiak, eta abar. Gainera, loreak edo artisautza salduko dituzten txosnak ere egongo dira. Lezamara hurbiltzen direnek giro apartaz gozatuko dute, trikitixaren musikaz lagundurik. Gainera, Kurutze Dantza Taldeko umeek emanaldi berezia eskainiko dute, goizeko 12:30etan, azokan bertan. Omenaldia Iñaki Areatxabaletari Txakolin Eguna dela-eta, Udalak eta txakolingileek ondo merezitako omenaldia egingo diote Iñaki Aretxabaletari. Lezamako txakolin-ekoizle honek, Magalarte upategikoa, Urrezko Bacchus saria bereganatu berri du barriketan zahartutako txakolinagatik. Omenaldia 13:00ak aldera izango da, dantza taldeak emanaldia egin ondoren, udaletxeko arkupeetan. Bertan, oroitzapenezko plaka bat emango diote, urtetan egindako lanagatik esker ona emateko. Jarraian, topa egingo dute Iñaki Aretxabaletarekin berarekin, Lezamako alkateak, Alaitz Etxeandiak, eta Udaleko beste hainbat ordezkarik, azokako zazpi txakolindegien ordezkariek lagunduta. Okelezko pintxoak, erakargarritasun berezia Txakolin Egunak okelezko pintxoak izango ditu erakargarri moduan. Pintxoak euro eta erdiren truke (1,50) salduko dira. Pintxoak Lezama Saretzen dendarien, enpresarien eta profesionalen elkartearen txosnan izango da. Azkenik, Txakolin Egunaren ospakizuna dela-eta, txikienei zuzenduriko tailerrak egongo dira, nekazaritzaren mundua eta baita txakolinarena modu jostagarrian eta didaktikoan hurbilarazteko. Era berean, haurrentzako jokoak eta puzgarriak ere izango dira. Hilaren 8an, ostiralean, txakolin-dastatzea Igandeko Txakolin Egunaren aurrerapen gisa, eta ahobizarra kentzen joateko, Udalak txakolin-dastatzea antolatu du ekainaren 8rako (ostirala). Bizkaiko Txakolina elkartearekin lankidetzan, Lezamako 5 ardo desberdin dastatuko dira, bai eta lurralde historikoko beste udalerri batzuetako zenbait ere, Kontseilu Arautzaileko enologo baten laguntzarekin. Doako ekitaldia izango da eta jende guztiari irekita egongo da. Kultur Gelan izango da, 20:00etatik aurrera