Domekan Nekazaritza Azoka egin zen laugarren aldiz Lezaman. Egun ederra irten zen eta eguraldi onak animatu zituen herritarrak zein bisitariak ekimenean parte hartzera. Antolatzaileek 30 saltoki inguru atondu zituzten eta han nekazaritza-produkturik onenak jarri ziren ikusgai eta salgai. Txakolina Lezama eta Txorierriko bereizgarrietariko bat da eta herriko txakolingileek ere haien lekua eduki zuten azokan. Beste alde batetik, aipatu beharra dago aurten euskal labela zuen hegaluzea dastatzeko aukera egon dela. Pintxoa gehi edalontzi bat txakolin euro bitan ipini zuten salgai. Antolatzaileek esan duten bezala, ekimena oso arrakastatsua izan zen eta 500 anoa inguru saldu zituzten. Era berean, txakolingileak pozik irten ziren egindako salmentekin. Azokan postua jarri zuten ekoizle gehienak Lezamakoak eta Txorierrikoak izan baziren ere, Bizkaiko beste herrietatik eta Iparraldetik etorritako lagunak ere ibili ziren bertan. Besteak beste, hegaztien erakusketa eta umeei zuzendutako tailerrak antolatu zituzten, eta herriko elkarte batzuek postua ipini zuten haien lana ezagutzera emateko.