Arkitektura oztopoak ezabatzeko lanak, Lezamako eskolan

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 21a, 14:18
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila badabil Lezamako ikastetxean hainbat lan egiten, han dauden arkitektura oztopoak ezabatu eta erabilerraztasuna hobetzeko. Lanak hango Udalaren laguntzarekin egiten dabil. Besteak beste, ikastetxerako kanpoko sarbidea berritu da eta horrek dituen ate bietariko bat handitu da, gurpil-aulkia erabiltzen duten lagunak ikastetxera oztopo barik sar daitezen. Era berean, elbarrituentzako komun bat atondu da zentroko solairu bietan eta, azaldu duten bezala, laster solairu biak lotzen dituen igogailu bat ipiniko da. Bestalde, ikasleen segurtasuna helburu duten lanak ere egin dira ikastetxean. Hala, ibilgailuak jolastokira sartzen diren atearen beheko aldean metalezko xafla bat ipini da, umeak handik narrasean sartzea ekiditea. Jolastokian euri-urak batzeko sistema hobetu da eta erreten bat atondu da jolastokia eta areto-futbol zelaia batzen dituen eskaileren gainean. Horrezaz gainera, eraikineko kanpoko arkupearen estalkia aldatu da, itoginak zeudelako, eta babes-hesi bat ipini da eraikineko barruko eskaileretan, umeak eskaileren zulotik erortzea saihesteko. Azkenik, aipatu beharra dago segurtasun-beira ijeztuak jarriko direla eraikinerako sarbidean dagoen bigarren atean. Beira ijeztuak dagoeneko ipini dira lehenengo atean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).