Lezamako irudiak batzen dituen webgunea

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 10:17

Webgune berri bat sortu da orain dela gutxi: lezamairuditan.com. Egitasmoa Gaizka Peñafiel lezamarrak jarri du martxan eta han herriaren hainbat irudi batu ditu. Gazteak azaldutakoaren arabera, urteak daramatza Lezamako argazkiak batzen eta oso material gutxi dagoela topatu du, “iraganean oso argazkilari gutxi izan zirelako edo bilketa lan eskasa egin delako”. Webguneak hutsune hori betetzea du helburu. “Herriak badu zer dokumentatu iruditan, ingurua nolakoa zen hurrengo belaunaldiek ikus dezaten, eta guk ere herriko txokoak beste ikuspegi batetik ezagutzeko”. Paisaiez gainera, ekimenak ere batuko dira webgunean, “horiek ere ondareak dira-eta”. Bestalde, herritarrek aukera dute haien argazkiak webgunean eskegitzeko. Irudiak helbide elektroniko honetara agindu ahal dira: gaizkapenafiel@gmail.com. “Sakelako telefonoarekin ateratako argazkiak ere badira baliagarriak. Eta aspaldiko argazkiak badituzte, horiek zaharberrituko ditugu galdu ez daitezen”.