Ekidazu, Luz Saint-Sauveur udalerrian

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 25a, 09:28

Lezamako abesbatza Luz Saint-Sauveur Frantziako udalerrian izan zen martxoaren 14tik 16ra bitartean, hango abesbatzak gonbidatuta. Hara 30 lagun joan ziren, 20 koru-kide eta 10 lagun, eta, esan diguten moduan, asteburu zoragarria pasatu zuten. Ilbetea ere lagun eduki zuten, herrira ailegatu zirenean, gau ezin politagoa egon zelako. Guztion artean afari eder batez gozatu ahal izan zuten. Luz Saint-Sauveur Midi-Pyrénées-eko eskualdean dago eta Ekidazu abesbatzakoek mendira joateko aprobetxatu zuten zapatu goizean: batzuek elur-erraketak hartu eta elurretara joan ziren; eta beste batzuk, paseo bat ematera eta inguruak ezagutzera. Guztiek zapaldu zuten elurra. Arratsaldean kontzertua eman zuten Tenplarioen elizan, tokiko abesbatzarekin batera. Koru bakoitzak 10 abesti eskaini zituen. Domeka goizean txangoa egin zuten berriro eta eguerdian bazkaria eduki zuten Ferme Basque jatetxean. “Lehen euskal artzainak handik pasatzen ziren eta jatetxeak horregatik du izen hori”, azaldu dute. “Oso gustura egon gara, ailegatu ginen lehenengo momentutik. Bestalde, aipatu behar da bertako hizkuntza patois dela. Askok hizkuntza hori ikasi zuten txikitan eta hango abesbatzak kantatutako abesti batzuk hizkuntza horretan zeuden. Horregatik azaldu zuten euskararekiko enpatia”.