Baskale eusko-alemaniar elkarte soziokulturalak eta Lau Haizetara Gogoan plataformak Kondor Legioaren gaineko erakusketa antolatu dute, eta hori herriz herri zabaltzen dabiltza. Erakusketak memoria historikoari eustea du helburu, eta, horretarako, argazkiak zein azalpenak batu dituzte bertan: zelan hasi zen legioa, nolako helburuak zituen, eta non eta zelan hartu zuen parte, besteak beste. Erakusketa Oxangoiti Lezamako tabernan ipiniko da ikusgai ekainaren 6tik 30era, Lezama Bizirik elkartearen eta Oxangoiti elkartearen eskutik. Horrezaz gainera, erakusketaren antolatzaileek hitzaldi bat eskainiko dute ekainaren 13an, iluntzeko 8etan. Lezama Bizirik elkartetik gogora ekarri diguten moduan, tropa faxistek ekainaren 13an hain zuzen ere apurtu zuten Burdinazko Gerrikoa Lezamatik, orain dela 77 urte.