Txakolinaren Eguna, Lezaman

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 22a, 10:31

Ekainaren 1ean Txakolinaren Eguna egingo da 13. aldiz Lezaman. Azoka 11:00etatik 15:00etara izango da, eta bertan herriko eta eskualdeko zortzi ekoizlek hartuko dute parte: Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Eguzkialde, Erdikoetxe, Sasines, Gorka Izagirre eta Bitxia. Udaletxeko plazan eta inguruetan 36 saltoki ipiniko dira: eztia, gazta, ogia eta euskal pastela, barazkiak, kontserbak... Txakolina edateko kopak eta txartelak Udalaren saltokian eskuratu ahalko dira. Kurutze dantza taldeko umeek dantza agerraldia eskainiko dute 12:00etan frontoian, eta 12:30etik aurrera okela-pintxoak dastatzeko aukera egongo da Lezama Saretzen elkartearen eskutik. Ekitaldi nagusia 13:00etan izango da. Kortxoa atera eta topa egingo da. Era berean, Sara Gandara kazetaria izendatuko dute Lezamako txakolinaren enbaxadore 2014. urterako, eta oroitzapenezko plaka emango diote Garkalde upeltegiari. Ostean, bertso-saioa egongo da. Bestalde, aipatu beharra dago goizean zehar puzgarriak egongo direla eta lau urtetik 11 urtera bitarteko umeentzako tailerrak antolatuko direla. Musikariek girotuko dute azoka.