Logotipo lehiaketa, Ekidazuren urteurrenaren haritik

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:29

Hamahiru urte bete dira Ekidazu Lezamako abesbatza sortu zenetik eta urteurrenaren haritik logotipo lehiaketa antolatu dute abesbatzakoek. Azaldu duten moduan, lehiaketak herrian eta inguruan kantu korala sustatzea du helburu, eta abeslariak zein publikoa musikara erakarri. Bertan Txorierriko edonork har dezake parte. Logotipoan “EKIDAZU ABESBATZAren 13. urteurrena” agertu behar da eta formatu bitan aurkeztuko da: alde batetik, A4 tamainako paperean; eta bestetik, CDan. Azken horri dagokionez, irudiak gutxienez 300pppko bereizmena eduki beharko du eta jpg edo tiff formatua eduki dezake; irudi bektoriala bada, hobeto. Lanak A4 tamainako gutun-azal itxian sartu beharko dira eta abuztuaren 15a baino lehen helbide honetara bidali: Ekidazu abesbatza. Uribarri Topalekua. Garaioltza 133-E. 48196 Lezama. Gutun-azalaren barruan beste gutun-azal bat sartuko da parte-hartzailearen datuekin. Irabazlea abesbatzaren kideek eurek aukeratuko dute eta 200 euro eta ohorezko abestia jasoko ditu saritzat. Saria Lezamako jaietan emango diote. Txapelketara bidaltzen diren lan guztiak erakusgai ipiniko dira.