Alberto Ugarte GoiEner kooperatiba energetikoaren kidea da eta ekainean hitzaldi bat eman zuen Lezaman. Ekitaldia Lezamako Trukezale Taldeak antolatu zuen, eskolako Gurasoen Elkartearen laguntzarekin.
GoiEner energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoaren alde egiten duen proiektu kooperatibo bat da eta, Ugartek azaldu zuen moduan, elektrizitate berdea erosteko aukera ematen du. Elektrizitate horrek energia berriztagarrietan du jatorria eta hala adierazten duen ziurtagiri bat ere badu. Elektrizitatea kontratatu ahal izateko, kooperatibaren bazkidea izan behar da, eta kapital sozialari 100 euroko ekarpen bakar bat egin. Esandakoaren arabera, bazkideen diru-ekarpenak energia sortzeko proiektuak garatzeko erabiliko dira etorkizun hurbil batean.
GoiEner irabazteko asmorik gabeko kooperatiba bat da eta, besteak beste, arrazoi hauek eman ziren berarekin bat egiteko: energia berdea zenbat eta lagun gehiagok eskatu, gero eta handiagoa izango da enpresek hori ekoizteko duten beharra; natura eta ingurumena zaintzea; eta gizakien bizitza errazteko energia denon esku egon behar da, eta ez konpainia energetiko handien menpe.