Zapatu internazionalistak antolatu dituzte Lezaman

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 19a, 12:44

Egitasmoa Lezamako Gazte Asanbladak antolatu du. Azaldu diguten bezala, helburua da gatazkan dauden herrialdeen egoera ikuspuntu hurbilago batetik ezagutzea, eta ohiko bideetatik jasotzen duten informazioa kontrastatu eta osatzea. Horretarako, egitarau zabala prestatu dute otsailaren 21etik martxoaren 28ra bitarterako; hitzaldiak, erakusketak eta musika saioak, tartean. Ekintzak zapatuetan egingo dituzte eta bertan adituek hartuko dute parte. Esan bezala, Zapatu internazionalistei otsailaren 21ean emango diete hasiera. Grisson tabernan, Katalan Herriak edukiko dituzte hizpide 19:00etatik aurrera eta Dj Albert ere arituko da han. Otsailaren 28an, 19:00etan, Ukraniari buruzko hitzaldia egingo da Oxangoiti tabernan eta argazkiak ipiniko dira ikusgai. Martxoaren 7an, Saharako gatazka aztertuko dute Enaitz tabernan. Hitzaldia 19:00etan hasiko da eta tea dastatzeko aukera egongo da. Bestalde, Kurdistanen gaineko hitzaldia egingo da martxoaren 14an, 19:00etan, Oxangoiti tabernan; eta Moebius Sound Project taldeak kontzertua emango du martxoaren 21ean, 21:00etan, Enaitz tabernan. Azkenik, Latinoamerikaren egoera aztertuko dute martxoaren 28an, 19:00etan, Grisson tabernan. Horretarako, poesia errezitaldi bat eskainiko da.