Asua ibaia berreskuratzea aldarrikatu dute Lezama Bizirik Egunean

Aikor aldizkaria 2015ko api. 28a, 10:53

Lezama Bizirik elkarteak Lezama Bizirik Eguna ospatu zuen apirilaren 19an. Asua ibaia ezagutzeko txango bat eta bazkari bat antolatu zituzten eta, gainera, oso egun berezia izan zen, elkarteak 10 urte bete dituelako aurten. Txangoan 50 lezamar batu ziren. “Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzagu Lezaman Asua ibaia ikusi ezinik, hormigoizko kajoi batez estali zutelako bertoko urbanizazioak eraikitzeko”, esan dute elkartekoek. Haien iritziz, lezamarren ondare naturala babestu beharrean, kaltetu baino ez da egin. Eta hori garapen eta hazkundearen izenean egin da. “Ekintza honen bidez, Asua ibaia hor dagoela adierazteaz gain, herriko ibaitzat berreskura dadila aldarrikatzea izan da gure helburua”. Aipatu beharra dago Lezama Bizirik elkarteak txango hori aurretik zuela eginda. Jakin nahi izan zuten zer egoeratan zegoen Asua ibaia Lezaman, eta kilometro batzuk egin zituzten ibaiaren ibilgutik, Kurtzetik Ugarteraino. Azaldu zutenez, ura eta erriberak pentsatu baino garbiago egon dira eta aztarna batzuk topatu dituzte: harrizko zubien aztarnak, harrizko gurutze bateko oinarria eta antzinako harraska baten harriak. Arrainak eta ahateak ere ikusi dituzte. Hormigoizko kaxoiarekin ere egin zuten topo, eta hori inolako zailtasun barik zeharkatu ahal izan zuten. Bestalde, eguerdian, txangoa egin eta gero, elkarteko bazkideek eta lagunek herri bazkaria egin zuten Oxangoiti tabernan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).