Arrate Egaña, Mikel Zarate sariaren irabazlea

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 29a, 09:07

Arrate Egañak idatzitako Patioan kontakizunak irabazi du 2015eko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Antxiñe Mendizabalek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek. Sariketa Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten Mikel Zarate lezamarren omenez, eta aurtengoa bosgarren ekitaldia izan da. Zarate euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handia izan zen. Lehiaketara 19 lan aurkeztu dira. Patioan istorioak neska koxkor bat aurkezten digu, Malen, eskolako jolas-orduan, mutilak patioan futbolean ari direnean, patioaren erdian jartzea erabakitzen duena, hortxe egon nahi duelako. Malenen jarrerak hainbat arazo eta buruhauste sortuko ditu, eta horren aurrean modu batera nahiz bestera erreakzionatu beharko dute irakasleek, ikaskideek, gurasoek… Ausardia erakusten du egileak gaia hautatzean, eta trebezia berau lantzean. Haurrentzako istorio batek eskatzen duen sinpletasunean baina sinplekerian erori gabe. Arrate Egaña Errenterian jaio zen 1963an eta Bermeon bizi da gaur egun. Filologia Hispanikoan lizentziatua da, eta urte batzuetan irakasle jardun ondoren gaur egun Hezkuntza sistemaren ebaluazioan egiten du lan. Paradisua ipuin-bilduma idatzi du helduentzat, eta hainbat istorio haurrentzat: Kixmi elurpean, Hizkuntza sekretuak, Giltza, Simon ipuinen munduan… Sari ugari irabazitakoa da: Baporea nahiz Lizardi haur literaturakoak, Kutxa antzerki saria, Gabriel Aresti ipuin lehiaketa…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).