Txakolinaren Eguna ospatuko dute domekan, Lezaman

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 2a, 08:53

Gure Esku Dago plataformak ere ekintzak antolatu ditu egun horretarako

Domekan, ekainaren 7an ospatuko dute hamalaugarren aldiz, 11:00etatik 17:00etara. Udaletxeko plazan eta haren inguruan 36 postu ipiniko dira ohiko produktuekin: eztia, gazta, euskal pastela, barazkiak, kontserbak… Era berean, Txorierriko sei upeltegiren txakolina dastatzeko aukera egongo da: Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia. Udal postuan, kopak eta txartelak ipiniko dira salgai. Kurutze dantza taldea kalejiran irtengo da 11:30ean, eta dantzen agerraldia eskainiko du 11:45ean frontoian. Goizean zehar umeentzako puzgarriak eta tailerrak egongo dira; eta 12:30etatik aurrera, okela-pintxoen dastatzea. Ekitaldi nagusia 12:45ean egingo da. Kortxoa atera eta txakolingileekin brindisa egingo da. Horrezaz gainera, plaka bana emango diete Pedro Mari Goikoetxea kazetariari eta Basalbeiti txakolinari. Goikoetxea Lezamako txakolinaren enbaxadore aukeratu dute aurten. Ostean, bertsolariak arituko dira bat-batean. Lontxo taldeak 15:00etatik 17:00etara girotuko du azoka. Bestalde, Gure Esku Dago plataformak ere ekintzak antolatu ditu egun horretarako. Goizeko 11etan denda zabalduko dute eta 13:30ean oihalen kalejira egingo dute. Argazkia ere aterako dute eta hori 14:00etan izango da Udaletxearen atzealdean. Kamiseta jantzi eta ekintzetan parte hartzeko gonbitea egin dute antolatzaileek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).