Josu Bergara (Ea, 1979) kantautoreak disko berria grabatu zuen ekainaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian. Diskoak Kanta txikien indarra du izena eta han Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarrak hartu du parte. Gaizkak trikia jo du Fandangoaren hotsa abestian. “Izugarrizko ohorea izan da. Inguruan musikari eta pertsona bikainak izatea gozamena da eta dena errazten du. Publikoa ere lehen akordetik kontzertuan sartuta... gehiago ezin daiteke eskatu. Oso berezia izan da, zinez hunkigarria. Diskoa nola geratu den entzuteko irrikan nago. Eskerrik asko, Josu urrezko bizipen honengatik!”, esan digu.
Diskoa zuzenean grabatu dute eta Gaizkarekin batera hainbat musikari aritu dira: Maria Rivero, Mikel Markez, Nerea Alberdi.... Kanta txikien indarra Bergararen laugarren diskoa da. Eakoak kontzertuak eman ditu Euskal Herrian zein Bartzelonan, Madrilen edo Londresen.