Lehenengoa Kalifornia Behean, Mexikon, egingo du; Los Cabos udalerrian, hain zuzen ere. Bertan, hotel bat altxatuko du Ritz Carton firmak, eta bere estrukturari dagokionez, eraikinak kristalezko kubo handi bat edukiko du aurrealdean. Kristalezko kubo horretan Corten altzairuzko estruktura eskultorikoak ipiniko dira, lezamarrak egingo dituenak. Gainera, estruktura horiek firmaren identitate-ikur bihurtuko dira eta hoteleko beste leku batzuetan ere ipiniko dira, hala nola suiteetako ateetan eta jatetxeko barran. “Azala bat izango da, multzo arkitektonikoaren zehar agertu eta desagertuko dena”. Diseinuak ordenagailuz egiteko joera dago gaur egun, baina Jesusek nahiago izan du marrazki artistikoan oinarritu, estruktura diseinatzeko orduan.
Bestalde, bigarren lana Guatemalako hiriburuan, Tegucigalpan, egingo du. Han 24.000 metro koadroko multzo arkitektoniko bat eraikiko da eta lezamarrak eraikineko fatxadetan ipiniko den sareta eskultorikoa diseinatuko du. “Hamalau metroko garaiera eta 57 metroko zabalera dituzten saretak izango dira. Eta lan honetarako, Corten altzairua erabili beharrean, banbua erabiltzeko aukera aztertzen nabil, eta horrela ekologia eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin”.
Berton lan gutxi dago eta Jesus oso pozik dago Amerikako kontinentean irten zaizkion aukerekin. “Asmo handiko proiektuak dira biak. Gainera, Ritz Carlton firmak zure lana aintzat hartzea oso inportantea da; euskal arterako oso inportantea da, azken batean”.