Zapatuan, Urrutiren oroimenezko ekitaldia egingo da Lezaman

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 24a, 13:53

a: LAB

Azaroaren 28an, zapatuan, urte bi beteko dira Igor Urrutikoetxea “Urruti” hil zela, eta Lezamako lagunek ekitaldiak antolatu dituzte egun horretarako, bere omenez. Hala, goizeko 12etan Oxangoiti Tabernan bilduko dira eta oinez joango dira bere familiaren etxeraino. Orain dela urte bi haritz bat landatu zuten bertan eta ekitaldi apal bat egingo dute haren inguruan. Ostean, 14:30ean, herri bazkaria edukiko dute Oxangoiti tabernan, eta gero hitzaldi bat eta solasaldia egongo dira. Herri bazkarian parte hartzeko, Oxangoitin eman behar da izena. Igor Urrutikoetxea lezamarra LAB sindikatuko nazioarteko arloaren arduraduna izan zen 2008. urtetik aurrera, sindikatuaren zuzendaritza-batzordeko kidea ere bazen, eta MFSko mundu-kontseiluko kidea. LAB sindikatuan, lege-arloan eman zituen lehenengo urratsak, eta horren ostean, Hego Uribeko eskualdeko arduraduna izan zen. Sindikatuaren metal arloko arduradun ibili zen lau urtean, nazioarteko idazkaritzan egon baino lehen. Aikor! aldizkariaren kolaboratzailea ere bazen. Brasilen hil zen 2013. urteko azaroan, istripu baten ondorioz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).