Beka horiek unibertsitateko titulua dutenei zein goi-mailako ikasketak dituztenei daude zuzenduta, eta hauek kudeatzen dituzte: Politeknika Ikastegia Txorierri, Adegi, Confebask eta Hetel. Beka lortzen dutenek munduko edozein herritan ordaindutako praktikak egiteko aukera edukiko dute, eta gutxienez sei hilabete emango dituzte bertan. Global Training bekak eskatzeko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik www.global-go.net webgunean.
Orkatz Alberdi lezamarrak Global Training beka lortu eta gaur egun Tecnaliak Kolonbian duen egoitzan dabil praktikak egiten. “Zorte handia eduki dut. Halako gauza bat bizitzea oso aberasgarria da. Lan arloan lor dezakezun esperientzia ona da, baina, nire ustez, gehien aberasten duena oso kultura ezberdin batean murgiltzea da. Horregatik animatu nahi dut jendea beka hau hartzera!”.