Athleticeko neska lezamarrak, herriko txakolinaren enbaxadoreak

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 31a, 09:17
Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa dira neska horiek. Eta ekainaren 5ean izendatuko dituzte enbaxadore, Lezamako Txakolinaren Egunean bertan. Txakolinaren Eguna hamabosgarren aldiz ospatuko dute, 11:00etatik 17:00etara. Herriko eta eskualdeko sei upeltegik ipiniko dute postua azokan, Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia, eta Bizkaiko Txakolinaren 2015eko uzta dastatzeko aukera egongo da. Kopak eta txartelak udal postuan eskuratu ahal izango dira. Bertoko produktuak ere izango dira ikusgai eta erosgai: eztia, gazta, barazkiak, euskal pastela, loreak, kontserbak… Kurutze dantza taldea kalejiran irtengo da 11:30ean, eta umeek dantzen agerraldia eskainiko dute 11:45ean, frontoian. Umeentzako tailerrak antolatu dira eta Saretzen elkarteak umeentzako bizikleta bat zozketatuko du. Bestalde, hau ere Saretzen elkartearen eskutik, hanburgesa txikiak eskainiko dira 12:30etik aurrera. Azokaren hasiera ofiziala 12:45etan izango da. Kortxoa atera, brindisa egin eta Lezamako txakolinaren 2016. urterako enbaxadoreak izendatuko dituzte. Bestetik, oroitzapenezko plaka emango diote Sasines txakolinari. Ekitaldi ostean, bertso saio bat egingo da, eta 15:00etatik aurrera, berbena Lotxo taldearekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).