Ekainaren 10raren haritik, atzo mosaiko txikiak egin ziren hainbat herritan, Bilbon egingo denaren aurrekari moduan. Lezama herri horietako bat izan zen. Bertan herritar batzuk batu ziren galdera-marka osatu eta motorrak berotzen hasteko. Jakinarazi diguten moduan, mosaikoa Larrabetzun eta Zamudion ere egingo dute ekainaren 2an. Zamudion, 19:00etan elkartuko dira plazan. Bestetik, txori-martxa antolatu da ekainaren 10ean Txorierritik Bilbora joan eta mosaiko erraldoian parte hartzeko. Martxa 11:00etan aterako da Larragoiti jauregitik.
Galdeketa, Zamudion
Aipatu beharra dago Zamudion batzar zabala egin dela eta erabaki dutela 2018an galdeketa egitea. Data ez dute oraindik zehaztu eta azaldu digute Euskal Herriko beste herri batzuetan noiz egingo den zain daudela, “guztion artean indar eta oihartzun handiagoa izateko”. Hala ere, lanean hasi dira dagoeneko, eta asteburu honetan izango diren Pazko jaietan txosna ipiniko dute dirua biltzeko eta ekimenaren berri emateko. Era berean, gainontzeko herriak akuilatzen dabiltza, ea horietan ere galdeketa antolatzen den. Larrabetzun aurten egin dute, martxoaren 19an hain zuzen ere. Botoa emateko eskubidea 1.585 larrabetzuarrek dute eta galdeketan 919k hartu zuten parte. Horien % 94,23k euskal Estatu burujabe baten aldeko botoa eman zuten.