Kurutze dantza taldea kalejiran aterako da 11:30ean, eta gero dantzaldia eskainiko da frontoian. Lezama Saretzen elkartearen eskutik, hanburgesa txikiak dastatzeko aukera egongo da 12:30ean.
Azokari 13:00etan emango zaio hasiera ofiziala. Kortxoa atera, brindisa egin eta Lezamako txakolinaren enbaxadorea izendatuko da 2017. urterako. Hori Asier Dañobeitia sommelier lezamarra izango da. “Oso pozik nago”, esan digu. Azaldutakoaren arabera, txakolinaren inguruan duen lehenengo oroitzapena zortzi urte zituenekoa da. “Estarta baserrian, aita jaio zen baserrian, kortara sartu baino lehen, ezkerretara, biltegi bat zegoen eta bertan gordetzen ziren txerriki gazitua eta urte osorako janaria. Gauzen artean, dozenaka botila txakolin zeuden eta oraindik daukat gogoan horien usaina. Hogeita hamar urte pasatu behar izan dira, magia hori berriro sentitzeko. Guztiz nator bat hain bikaina den produktu honekin. Gainera, uste dut ahalmen handia dugula”.
Bestetik, oroitzapenezko plaka emango diote Erdikoetxe txakolinari, eta omenalditxoa egingo diote Ciriaco Dañobeitia txakolingileari. Larrabetzukoa iaz hil zen. Jarraian, kantaldia egongo da Ekidazu eta Zumaiako Beheko Plaza abesbatzekin. Goizean zehar umeentzako tailerrak eta puzgarriak izango dira eta, ohikoa den moduan, bertoko produktuak ipiniko dira salgai: eztia, gazta, ogia eta euskal pastela, barazkiak, loreak, kontserbak… Berbena ere egongo da. Lotxo taldeak 15:00etatik 17:00etara joko du plazan.