“Bizikleta gainean disfrutatzen jarraitzen ahaleginduko naz”

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 26a, 11:43

Haritz Felix Azurmendi Dañobeitia, txirrindularia  

Lezamarrak emaitza ezin hobeak lortu dauz XCO mendiko modalitatean eta, lehian urtebete daroan arren, lehenengo postuetan amaitu dau denboraldia kadete mailan. XCO denporaldia uda partean izaten da eta ha amaitu barria, Haritz ziklo-krosean arituko da buru-belarri. Gaztea institutuan harrapau dogu, atsedenaldian, eta aurpegia mailatuta agertu jaku.   

 

Zer gertatu jatzu?

Denboraldiko azken lasterketan izan da. Lehenengo bueltan lurrera jausi nintzan aldats behera baten, eta gorputz osoa mailatu neban. Odola eta guzti eduki neban aurpegian eta, ikusi ezin nebanez, ezin izan neban lasterketea bukatu. Anbulantzian hartu ninduen.

Penea, ezta?

Bai, ez dalako denboraldia amaitzeko modurik onena izan.

Dana dala, pozik egoteko arrazoi pilo bat daukazu: Bizkaiko eta Euskadiko txapelduna izateaz gainera, liderra izan zara Euskadiko Openean eta bigarren lotu zara Super prestigio internazional proban.

Espainiako txapelketan be izan nintzan, baina zortzigarrena lotu nintzan. Nahiko txarto...

Txarto? Baina zenbat txirrindulari ibili zinien bertan?

Laurogeta hamarretik gora... Emaitza hobea espero genduan, baina, tira, ez dago hain txarto be.

Gainera, kontuan hartuta lehian sartu zaren lehenengo urtea izan dala.

Bai, aurreko denboraldian bi-hiru lasteketetan hartu neban parte, zelango maila neukan ikusteko. Probatzearren. Eta aurten serio hartu dot. Pozik nago.

Zelan ikusi dozu zeure burua denboraldian?

Nahiko indartsu ibili naz orokorrean, baina zorte txarra eduki dot: katea behin apurtu jat, gurpila bi bider zulatu jat, jausi egin naz... Super prestigio proban, esate baterako, lider nenbilen, baina azkenaurreko lasterketan gurpila zulatu jatan eta bigarrena lotu nintzan.

Eta zelango txirrindularia zara?

Igotzailea nazela dinoe, lasterketa aldapatsuetan besteak baino hobeto nabilela. Eta egia da aldapa gogorretan, amaieran, estra antzeko bat daukadala eta hori aprobetxatzen dodala. Baina nik gurago dot lurralde lauetan ibili, eta azkar. Esprintak eta irteerak be asko gustetan jataz. Gero, lasterketatik kanpo, beti nabil bromatan gainontzeko txirrindulariakaz, baina probea hasten danean, serio paretan naz. Izan be, arerioak gara azken baten. 

Zelan edo zergaitik hasi zinan txirrindularitzan?

Bizikletaren gainean txikitatik ibli naz; eta institutuan hasi nintzanean, are gehiago. Hamaihuru urte-edo neukazala, hasi nintzan Bizkai mailan antolatutako herri-martxetan parte hartzen, mendiko martxa luzeetan... eta ikusi neban ondo nenbilela. Gero, kirol denda batekoek halako probetan ibiltzeko nirea baino egokiagoa zan bizikleta bat itxi eustien, eta handik urte eta erdira nire kategoriako lasterketetan parte hartzeko proposamena egin eustien. Beste bizikleta egokiago bat erosi, eta lehian sartu nintzan.

Bizikleta.com taldean zagoz. Gustura?

Oso. Laguntza handia emoten deuskue esparru guztietan.

Badakigu arretea ikasketetan daukazula ipinita, eta denbora librea lagunakaz emon gurago dozula. Eta entrenamenduak?

Gazte askok bi edo hiru ordu entranatzen dabe egunero, eta oso gogor gainera. Nik, institututik etxera ailegatzen nazenean, etxerako lanak egiten ditut lehenengo eta behin. Eta gero, ilundu baino lehenago, urteten dot entrenatzera. Egia da nahiko entrenamendu bizia dala, baina nik ondo pasatea daukat beti helburu, eta ez saio perfektu bat betetzea.

Hamasei urte bete barriak daukazuz eta horrek kategoria aldaketea ekarri dau.

Bai, jenteak dino jubeniletan beharrezkoa dala egunero bi edo hiru ordu entrenatzea, baina, printzipioz, saiatuko naz orain arte moduan egiten. Eta nire eta gainontzeko txirrindularien mailaren arabera, eta beharrezkoa bada, gehiago entrenatuko naz... baina ezin dodaz ikasketak utzi. Aztertu behar dot zelan buztartu dana... Halanda be, ahaleginduko naz bizikleta gainean disfrutatzen jarraitzen.

Txirrindulari profesionala izatea gustauko litxakizu?

Nik gorputz-hezkuntzako irakaslea izan gura dot, edo kirolari lotuta dagoan zeozertzan ibili. Txirrindulari profesionalek oso bizitza gogorra daroe eta ez dakit horretarako prest nagoen. Ikusi beharko da zelango bilakera daukadan hemendik 18 urte bete arte. Ondo jarraitzen badot eta hobetzen joaten banaz, orduan erabagiko dot.

Ziklo-kros denboraldia laster hasiko da. Zelan etorriko dira datozen hileak?

Laskerketea edukiko dot astero, domeketan, eta batzuetan kanpora atera beharko naz asteburuan. Beraz, astelehenetik barikura arte aprobetxatu beharko dot ikasi eta lagunakaz egoteko. Ezin izango dot ezta arratsalde bat be galdu, ordu bat besterik ez bada be, sofan botata emon. Dana ondo buztartu beharko dot, gustetan jatana egin ahal izateko.