"Futbolean bizi izandako une guztiak disfrutatu ditut"

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 6a, 09:00

Joana Flaviano, futbolari ohia

Joana Flaviano lezamarra jokalari garrantzitsua zen Athle­ticen baina, lana dela-eta, futbola alde batera utzi behar izan zuen. Hasieran, gazteak txarto pasatu zuen, baina orain bere bizitza berrira egokitzen dabil. Horretaz eta Athleticen inguruan hitz egin dugu Joanarekin.

Agur esan zenuenean, triste egon zinen. Pasatu zaizu?

Oso triste egon nintzen, baina orain oso lanpetuta nabil eta futbolean pentsatzeko denborarik ere ez daukat.

Gizonezkoa izan bazina ez zenuen futbola utzi behar izango. Hori pentsatzeak amorrua ematen dizu?

Ez dut horretan pentsatzen. Gauzak suertatzen diren moduan suerta­tzen di­ra: tamalez, emakumezkoen kirolaren gaur eguneko egoera horixe da eta horren aurka, amorrua baino, emakume kirolarien eskubideengatik borroka egiteko gogoa ematen dit.

Erabakirik zailena hartu behar izan zenuen. Zergatik izan zen hain zaila?

Futbola uzteko as­morik oraindik ez neu­kalako. Nire burua ez zegoen prest futbola alde batera uzteko eta bizitza “normal” bati aurre egiteko. Hala ere, nire zorionerako, bizitza berri honekin dis­frutatzeko erak bilatu ditut.

Nolako garrantzia izan du Athleticek zure bizitzan?

Nire familia balitz bezala zen. Une asko igarota nituen, urte eta lagun asko, inoiz ahaztuko ez ditudan une onak eta txarrak, negar eta barre egin nuen, denerik...

Liga bi irabazi dituzu Athleticen. Zein izan zen gozoena?

Bigarrena, azken batean, lehenengoan ez nuen ia-ia parte hartu, bigarren tal­dean nengoelako. Bigarren liga garai hartan jasandako sufrimendu guztiaren saria izan zen: hainbat aldiz erori ginen, baina beti altxatu ginen. Beti ibiltzen ginen lehenengo postuetan eta azkenean irabazi egin genuen liga. Itzela izan zen. 

Pena ematen dizu partida gehiago jokatu ez iza­nak?

Nik ez dut horri buruz pentsatzen. Jokatu ditudan partidak jokatu ditut, eta horretaz harro eta pozik nago. Une guztiak disfrutatu ditut.

Eskarmentu handiko jokalari as­kok alde egin duzue Athleticetik ia aldi berean. Taldeak nabarituko zuen hori?

Jokalariren batek urtero uzten du taldea. Eta talde honen bereizgarrietako bat hau da: jokalari guztiak ezinbestekoak di­ra. Seguru nabaritu dela, baina ziur nago bigarren taldeko edo beste norbaitek beteko duela eskarmentu han­diko jokalariok utzitako hutsunea.

Athletic urtebetean utzi zenuen eta Italiara joan zinen. Zergatik? Nolako esperientzia izan zen?

Futbolak ekarri ahal ziz­kidan espe­rientziak aprobetxatu nahi nituen eta ho­rregatik joan nintzen Italiara. Egia esan, berdin zitzaidan nora joan, kanpora joan nahi nuen etxetik kanpo futbolean arituta zer sentitzen zen jakiteko. Hango maila hemengoa bezalakoa da, agian apur bat fisikoagoa, baina teknikoki oso antzekoak dira.

 

 

 

Berdegunetik, mendira

Joana Flaviano Aurtenetxek (Bilbo, 1990) abenduan iragarri zuen Athleticen jokatzeari utziko ziola. Albiste tristea izan zen klu­barentzat, Joana oinarrizko jo­ka­laria ze­lako. Guztira, lezamarrak 11 ur­te eman di­tu talde zuri-gorrian, eta tarte horretan 231 partidu jokatu eta 26 gol sartu ditu. Gainera, liga bi irabazi zituen, 2007an eta 2016an. "Futbola ikusten dudanean, nostagia apur bat sentitzen dut, baina normalean ez dut denbora askorik fut­bolari buruz pentzatzeko", esan digu.

Joanak futbola utzi du oposaketa bat gainditu duelako eta Gasteizen da­bilelako. "Oso gustura nago, pozik, jende oso atsegina ezagutu dut han, eta beste etapa batzuetan bezala, honetaz ere disfrutatzen saiatzen nabil. Bizitza berria da, eta orain arte egin ez ditudan gauzak egiten nabil". Besteak beste, pilotan murgildu da, Emakume Master Cup txapelketan hartu duelako parte. Hala ere, Joanak ez du etorkizunari begira horretan jarraitzeko asmorik. Mendiko trailak, hau da, lasterketak, ordea, bere zaletasun berria dira. Eta ziur asko, txapelketaren batean ikusiko dugu Joana.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).