Lezamako Udalak helegitea ipini du Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka

Aikor aldizkaria 2018ko api. 25a, 11:41

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen Lezamako Udalak 2015ean onartu zuen Hirigintza Plan Orokorra (HAPO), eta Udalak horren kontrako helegitea aurkeztu du. 

Aikor! aldizkaria harremanetan ipini da Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatearekin, erabakiaren arrazoia ezagutzeko, baina Udaletik ez dute adierazpenik egin.

Bestetik, Lezama Bizirik elkartetik esan digute espero zutela Udalak erabaki hori hartzea, eta herriarentzat oso albiste txarra dela, HAPO barik jarraituko dutelako. Elkartearen ustez, Udalak helegitea aurkeztu izanak adierazten du EAJren jarrera ez dela azken 20 urtean aldatu. Gainera, gogoratu dute helegitea onartzen bada, prozesua oraindik urte batzuk luzatuko dela. Hala ere, bitartean, premiazko egitasmorik balego, prest azaldu dira egitasmo horiek aztertzeko, era adostu batean burutzeko borondatea badago.