Erretiroa hartzekoak diren irakasle biri egin diete omenaldia Lezaman

a: Gaizka PeƱafiel 2018ko eka. 18a, 15:06

Txorierriko eskolek ikasturte-bukaerako jaia antolatu dute asteburuan. Lezaman, guraso elkarteak eta ikasle ohiek aukera hori aprobetxatu dute aurten erretiroa hartuko duten irakasle biri omenaldia egiteko: Kepa Hernándezi eta Esther Irazabali. 

Ekitaldia zapatuan egin zuten, ekainaren 17an. Kurutze dantza taldeak Agurra dantzatu zuten euren omenez eta ondoren, antolatzaileek liburu bana eman zieten. Ikasleek –gaur egungoek zein lehengoek–, gurasoek, lankideek eta lagunek esker oneko esaldiak eskaini zizkieten bertan. Udalak ere hartu zuen parte omenaldian eta erloju bana eman zien oparitzat.

“Kepak eta Estherrek 30 urte baino gehiago eman dute gure artean, biak izan dira zuzendariak eta izugarrizko inplikazioa izan dute herrian, nahiz eta lezamarrak ez izan; esate baterako, bien semeek Lezamako eskolan ikasi dute. Oso pertsona hurbilak dira.  Ez dago Kepaz eta Estherrez oroitzapen txarra duen lezamarrik. Eta horregatik merezi dute omenaldia”, esan dute antolatzaileek. “Gainera, jende pilo bat etorri zen, normalean eskolako jaira etortzen dena baino askoz gehiago; horrek esan nahi du jendeak esfortzua egin zuela Kepa eta Estherren alboan egun berezi horretan egoteko”.    

“Ekitaldiren bat edo espero genuen, baina ez zerbait hain handia. Hainbat jende etorri zen: gaur egungo ikasleak, lehengoak, gurasoak, lagunak… Oso hunkigarria izan zen, hegan egingo banu moduan sentitu nintzen omenaldian”, esan digu Estherrek, oraindik ere hunkituta. “Ez gara lezamarrak, baina ordu asko eman ditugu bertan. Antolatzaileek esan ziguten omenaldia gure lanaren emaitza izan zela (kar, kar). Lezamako eskola zoragarria da: lan-taldea ederra da eta gurasoak izugarri inplikatzen dira. Hori oso garrantzitsua da”.   

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).