Lezamarrak ere 11 egunetan euskaraz

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 9a, 09:23

“Euskaraldia 11 egun 11 lagun” lelopean, Euskaraldia ekimena aurkeztu dute Lezaman. Ekimenaren protagonistak euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira eta 11 egunetan, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Lezaman euskaraz hitz egin eta entzun dadin hasi dira lanean jada.

Lezamako Euskaraldiaren batzordeak ohiko harremanetan euskaraz aritzeko gonbita egin die lezamarrei. Azaldu duten moduan, batzordea herritar ezberdinek osatzen dute etaguztiz irekia da. “Elkarteek, taldeek eta herritarrek osatuta, euskararen alde egotetik euskaraz egitera saltoa bultzatzeko indarrak batzen hasi da batzordea. Horren adierazlea aurkeztutako hamaikakoa izan da, herriko esparru ezberdinetakoak, enpresa mundukoak, irakaskuntzari loturikoak, kultura, musika, kirola edota gazte ekimenekin harremana dutenek: Fernando Olabarrieta, Gaizka Peñafiel, Nora Artetxe, Katalin Zarate, Edu Martin, Ander Pekeño, Antton Altube, Xabier Goikuria, Ines Piko, Pili Gorbea eta Nelly Romero”.

Aurkezpen ekitaldiari amaiera emateko, Euskaraldiaren ordezkariak familia argazkia ateratzeko bildu ziren, eta herritar guztiak animatu zituzten egitasmoan parte hartzera.