Putreak aireportura erakarri ahalko zituen legez kanpoko hiltegi bat itxi dute Lezaman

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 1a, 11:12

a: Gaizka Peñafiel

Ertzaintzak legez kanpoko hiltegi bat itxi zuen lehengo astean, Lezaman. Ardiak eta arkumeak inolako osasun kontrola barik hiltzen ziren bertan eta haragia hainbat partikularri saltzen zitzaien.

Baliteke horrek azken hilabeteotan saiek aireportuan sortutako arazoetan eragina izatea. Izan ere, animalien hondakinak alboko lursail batean botatzen ziren eta horiek, hain zuzen ere, erakartzen zituzten putreak.  

“Egia esan, inork ez digu hiltegiak putre gehiago erakarri ahal dituela baieztatu. Guk putreak Txorierri osoan zehar ikusten ditugu, baina Lezaman, bereziki ez dago gehiago”, esan digu Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak. Aurrekoetxearen esanetan, hiltegi Aretxalde auzoan dago, eta dagoeneko hasi dira hondakinak garbitzen. “Orain arte 150 kilo jaso dituzte”.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak ikerketa abuztu amaieran hasi zuen, Bizkaiko Foru Aldundiak Lezamako “abeltzaintzako ustiategian animalien hondakinak kontrolik gabe” zeudela ohartarazi ondoren. Ikerketa asteazkenean, irailaren 26an, amaitu zen. Ertzaintzak 30 bat abelbururen hondakinak topatu zituen lursailean eta, inguruan, zortzi putre hegan egiten ikusi zituzten.

Ertzaintza hiltegiko jabea nor den dabil ikertzen. Osasun publikoaren aurkako delitua eta animalien kontrako tratu txarrak egotziko dizkiola adierazi du. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak zehapen-espediente bat zabaldu du.