“Bost urte pasatu dira, baina Urruti oraindik dugu gogoan. Duela bost urte esan genuen bezala, bera joan da, baina bere lanak, engaiamenduak eta borrokak bizi-bizirik diraute”, idatzi dute euren webgunean Lezama Bizirik elkarteko lagunek.
Azaroaren 25erako, domeka goizerako, ohiko bisita antolatu da Urrutiren haritzera, eta bertan, Ekidazu abesbatzaren laguntzaz, abesti batzuk kantatuko dira. Ostean, ekitaldi intimo eta apala egingo da bere familiaren etxalde inguruan. Geroago, herri bazkaria izango da Goitioltzako txokoan. Bazkalostean, Luzy Rodriguez Intersindikal Canariako ordezkariak hitzaldia eskainiko du. Bazkarirako izena ematea azaroaren 20a baino lehen egin behar da Oxangoiti tabernan.
Astebete beranduago, azaroaren 30ean, barikuan, “Tokan 2 La Polla” taldeak kontzertua emango du Oxangoiti Tabernan. Urrutiri talde hori gustatzen zitzaion, La Polla taldeko abestien bertsioak egiten dituelako. Antolatzaileek ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei eta lagunei.