Urko Dañobeitia lezamar gaztea, Bizkaiko ziklo-kros txapelduna

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 26a, 13:43

Atzo, Bizkaiko ziklo-kros Txapelketa jokatu zen Lezaman, eta hainbat txirrindulari (300 inguru) sartu ziren lehian, hainbat kategoriatan. Kadete mailan, Urko Dañobeitia lezamarra nagusitu zen.

Era berean, senior kategorian, Aitor Hernandezek irabazi zuen lasterketa. Hernandezek aurtengo hamargarren garaipena lortu du Lezaman, eta denboraldi biribila egin du. Bere atzean, Javier Ruiz de Larrinaga (MMR-Spiuk) eta Gorka Izagirre (Bahrain) sartu ziren helmugara. “Oso gustura ibili naiz egun osoan, seguru sentitu naiz bizikletaren gainean. Lezamako zirkuitua berria da, gogorra eta teknikoa, lokatza asko zegoelako”, esan du txapeldunak Deia egunkarian. 

Emakumezkoen mailan, Olatz Odriozola (Biziketa.com) izan zen indartsuena. Lierni Lekuona (Lezokuak) bigarren postuan sartu zen helmugara, eta Paula Suarez (Río Miera-Cantabria), hirugarrena. Odriozola ere badabil sendo, lehengo astean Kataluniako Kopako Les Franqueses del Vallès lasterketa irabazi zuelako.   

Ibilbide berria

Zorribike Lezamako taldeak ziklo-kros zirkuitua antolatu zuen bederatzigarren aldiz, Lezamako Udalaren eta Bizkaiko zein Euskadiko Txirrindularitza Federazioen babesarekin. Aurten, zirkuitu berria atondu dute. “Jendea pozik ibili da ibilbide berriarekin. Aurreko urteetan herrigunean egiten genuen, baina aurten Kurtze auzoan antolatu dugu. Geu ere bagaude pozik”, esan digu Jose Manuel Olano Zorribike elkartearen presidenteak.

Pozik bai, baita kezkatuta ere. Izan ere, gero eta zailagoa da lasterketa antolatzea. “Jendeak lasterketa baino ez du ikusten, baina atzean lan ikaragarria egin behar da, dena behar bezala ateratzeko. Eta babesleak ere behar dira; hau da, dirua behar da, eta hori zaila baino zailagoa da gaur egun. Guk lan egiteko gogoa daukagu, baina dirurik gabe ezin da ezer egin. Jarraitzea gustatuko litzaiguke; azken batean, azpimarratzeko modukoa da ziklo-kros maila guztietako txirrindularirik onenak non eta Lezama bezalako herri txiki batean batzen direla”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).