Salaberria-Uriondo eta Alberdi-Aizpitarte, txapeldunak Lezamako Pilota Txapelketan

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 25a, 14:39

Barikuan, otsailaren 22an, Lezamako Eskualde Pilota Txapelketaren finalak jokatu dira 60. aldiz, herriko pilotalekuan. Iker Salaberria goizuetarrak eta Endika Uriondo gizaburuagarrak 22 eta 13 irabazi zieten Iraitz Zubizarreta ataundarrari eta Gorka Otaduy berriztarrari. Uriondo sendo ibili zen atzean eta, bere lanari esker, Salaberriak hainbat tanto bukatzeko aukera izan zuen. Salaberria txapelketaren jokalaririk onena izendatu zuten.   

Era berean, gazte mailan, Julen Alberdi zizurkildarra eta Enaitz Aizpitarte altzotarra izan ziren txapeldunak. Horiek 22 eta 18 irabazi zioten Javier Oscoz lanztarrak eta Antton Apezetxea goizuetarrak osatutako bikoteari. Partida hau beste finala baino askoz orekatuagoa eta ikusgarriagoa izan zen. Alberdi izan zen norgehiagoka horren pilotaririk aipagarriena.

Betiko moduan, hainbat lagun batu ziren Lezaman, finalak zuzenean ikusteko. Besteak beste, hauek izan ziren: Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatea, Udaleko zinegotziak, Koikili Lertxundi Athleticen jokalari ohia, Karmelo Ariznabarreta Bizkaiko Pilota Federazioko presidentea, Joserra Garai Bizkaia pilotalekuaren kudeatzailea, Pablo Berasaluze eta Leire Etxaniz pilotariak eta Lezamako Pilota Elkarteko kideak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).