Azokan edozein gauza trukatu edo saldu daiteke: liburuak, etxeko tresnak, altzariak, jostailuak, lanak, denbora… Bakoitzak erabakiko du azokara eramaten duena aldatu nahi duen, edo zein preziotan saldu nahi duen. Umeek ere edukiko dute trukeak egiteko aukera: kromoak, jolasak… Gainera, tailerrak egongo dira; “Bizikleta zuk zeuk konpondu”, besteak beste. Bestetik, errefuxiatuen aldeko mahai solidarioa jarriko dute lehen aldiz. Doan ematen dena –arropa, jostailuak…– salgai ipiniko dituzte, eta batzen den dirua Zaporeak elkarteari emango diete, Grezian dauden errefuxiatuei lagundu diezaieten. Zaporeak elkarteak ere beste mahai bat atonduko du azokan.
Elkarteak gogora ekarri duen moduan, “trukea egiten bada, garapen iraunkorrago bat eta gizarte bihozberago bat lortzen dira. Azoka antolatzeko, Lezamako Udalaren, Zorribike elkartearen, Zaporeak elkartearen eta Emaus kooperatibaren laguntza eduki dute.