Mikel Valladares atleta lezamar gazteak Espainiako Txapelketan hartuko du parte ekainaren 22an

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 7a, 11:57

Mikel Valladares Barrera lezamarra aspaldian hasi zen atletismoan. Oraindik 17 urte ditu eta, beraz, etorkizun handiko korrikalaria da. Gaur egun, Galdakaon entrenatzen du eta Espainiako txapelketa prestatzen dabil: urteko helburu nagusia. Txapelketa ekainaren 22an egingo da Castellón.

“Marka nahikoa daukat 800 eta 1.500 metroko lasterketetan parte hartzeko, baina bakarrik horietako batean egingo dut korrika. Oraindik ez dakit zeinetan: entrenatzaile eta bion artean erabakiko dugu. Bietan parte hartuko banu, oso nekagarria izango litzateke eta ezin izango nuke maila ona erakutsi”. Valladaresek finalerako sailkapena lortzea du helburu, eta hori lortuz gero, iazko arantza kenduko du. “Lehengo urtean, ezin izan nintzen txapelketa horretan aritu, lesionatuta ibili nintzelako”.

Lezamarrak emaitza onak lortu ditu aurten pista estalian: Euskadiko txapelketan, 1.500 metroko lasterketa irabazi zuen; eta Espainiako txapelketan, 10. postuan bukatu zuen 800 metroko lasterketa. Era berean, maiatzaren 22an Euskadiko aire libreko txapelketa jokatu zen eta Mikel bigarrena izan zen 800 metroko finalean. Bihar, beste hitzordu garrantzitsu bat du, Bizkaiko txapelketa izango delako Durangon. Gazteak 400 metro lauetako proban hartuko du parte.   

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).