Berri Txarrak, betiko

a: Gaizka PeƱafiel 2019ko uzt. 18a, 13:44

Gaizka Peñafiel lezamarra musikaria eta irakaslea da, baita argazkilaria ere. Bere zaletasunak askotan uztartu ditu eta hainbat taldetako kontzertuetan ibili da argazkiak egiten: Esne Beltza, Peiremans, Joseba Tapia… Eta Berri Txarrak. “Horiek erreferenteak dira euskal kantagintzan. Taldeak 25 urteko ibilbidea izan du, hainbat zaletu, hainbat arrakasta… Oihartzun handia dute eta agurra iragarri zutenean, azken bira dokumentatu behar zela pentsatu nuen”, esan digu Peñafielek.

Gaizka duela urte batzuk hasi zen lan egiten taldearekin:  eurekin harremanetan jarri eta argazkiak eta bideoren bat egingo zituela adostu zuten. 2019an, lezamarra talde nafarraren atzean ibili da Euskal Herriko areto txiki esanguratsuenetatik: Plateruena, Kafe Antzokia… Ekainean, Victoria Eugenia antzokian egon ziren, Donostian; eta uztailean, lehengo asteburuan, BBK Live jaialdian, Bilbon. “Guztira 20.000 ikusle batu zituen talde euskaldun bakarra izan zen jaialdi horretan. Giro itzela egon zen, adin guztietako zaletuak, hiru orduko saioa, kolaboratzaile asko igo ziren oholtzara… Gogoan izateko kontzertua izan zen, espero genuen moduan”.

Normalean, argazkilariek ez dute euren lana edozeinen eskura jartzen, baina Gaizkaren ustez, argazki horiek material artistikoa baino zerbait gehiago dira. “Jendeak irudiak elkarbanatu nahi zituen, kontzertua betiko gogoan izateko. Eta grina hori hain handia zenez, argazkiak argitaratzea erabaki nuen, nahi duenak –norbanakoak zein komunikabideek– musu-truk erabiltzeko. Berria egunkariak lehenengo orria kaleratu zuen nire argazkietako bat, eta euskarazko wikipediak ere eskatu zizkidan irudiak. Esate baterako, nire lanari esker, El Drogas abeslariaren argazki libre bat dago wikipedian”.

Azken egunotan, Gaizkaren telefonoa sutan ibili da. “Gizarte sareen bidez, zorionak eman dizkidate. Pozgarria da jendeak zure lana aintzat hartzea”. Gainera, bere webguneak 20.000 bisita jaso zituen argazkiak bertan argitaratu ostean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).