Lehiaketan 18 urtetik gorako lagunek hartu dezakete parte. Lehen Hezkuntzako ikasleentzako (sei urtetik 12 urtera bitartekoak) kontakizunak aurkeztu beharko dituzte, euskaraz sortuak, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso ez dutenak edo argitaratu ez direnak. Lanek gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50 orrialde izan beharko dituzte, eta Din-A4 formatuan aurkeztu beharko dira tarte bikoitza utzita.
Lanak maiatzaren 31ra arte bidali ahalko dira udaletxera: Lezamako Udala – Mikel Zarate Saria, Aretxalde 1, 48196 Lezama. Hiru ale aurkeztu beharko dira agerian idazlea nor den azaldu barik, eta horiekin batera gutun-azal txiki bat. Gutun-azalaren kanpoaldean idazlanaren izenburua adieraziko da, eta barruan idazlearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa idatziko dira; nortasun agiriaren fotokopia ere sartuko da.
Epaimahaia Leire Bilbao Barruetabeñak, Julen Gabiria Larak eta Xabier Mendiguren Elizegik osatuko dute eta erabakia ekainaren 30erako hartu beharko dute. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, baina, epaimahaiaren iritziz, gutxieneko kalitateko lanik ez balego, ez litzateke saririk emango. Elkar argitaletxeak saria jakinarazten denetik sei hilabeteren buruan argitaratuko du lana; alabaina, lanaren jabea idazlea izango da eta egile-eskubideak ordainduko zaizkio.